top of page

Zero eraikinaren fatxadaren diseinu parametrikoa


Zero eraikina Hernanin dagoen Orona Ideo proiektuko eraikin nagusia da eta eraikuntza jasangarriaren eta diseinu bioklimatikoan oinarritutako hainbat aspektu aplikatu izanagatik da berezia. Zero eraikinaren oinarrizko itxura formala hegoaldera 15º inklinatzen den 90m diametro eta 16m altuera duen zilindro bat da. Orubearen behealdean aurkitzen da, Galarretako biribilguneari fatxada emanaz. Testuinguruarekin integrazioa bilatuz fatxada honek traza kurbatua du, ertzik eta plano frontalik markatu gabe. Aldi berean bere beirazko azalaren islek paisaiaren pixelak islatzen dituzte eta bolumenaren eskala aldarazi eta barrualdea ezkutatu egiten dute. Oinezkoaren irisgarritasunari protagonismo berezia ematen zaio, eta horrela bolumenak sortzen duen hegaldurak barrualdeko plazara sartzea eta barrurago kota ezberdinetan dauden gune eta lorategiak zeharkatzeko gonbita egiten du.

Zero eraikinaren estalkia eguzki-erradiazio kopuru handiena duen orientaziorantz inklinatzen da, eta zilindroaren inguratzailea osatzen duen gortina-hormaren fatxada kurbatua berriz iparralderantz begira dago. Barrualdeko distribuzioak oinarri bioklimatikoak jarraitzen ditu eta planta hiru eraztun zentrokidetan antolatua dago: iparraldera orientatuta daude bulegoak eta hegoaldera pertsonen fluxua banatzen duen korridorea. Bulegoak bero iturri dira, bertan dauden ekipamendu dentsitatea eta okupazioagatik, eta horregatik eguzki-erradiazioa ekiditea da egokiena. Iparraldeko argi difusoa ere askoz egokiagoa da lanerako hegoaldeko erradiazio zorrotza baino. Hegoaldera begira jartzen den galeriak kutsu sozialagoa du, eta bertan ematen dira eraikinaren zirkulazio nagusiak eta lasaitasunerako eremuak. Espazio honetan eguzki erradiazioa ez da kaltegarria eta horregatik zilindroaren barnealdeko fatxada guzti hau solairu guztiak elkar komunikatzen dituen eguzki kaptadore haundi bat da. Aurrez esandako bi eraztun hauen artean beste zerbitzu-eraztun bat dago, komun, eskailera, igogailu, instalazio eta bilera-gelak egokitzen dituena.

Estalkia bosgarren fatxada bat da, eta bertan eguzki plaka fotovoltaikoak integratzen dira estalkiaren plano inklinatu berberean. Plaka hauek ikusgai izateak ere eraikinaren jasangarritasunarekiko konpromisoaren isla dira. Baina energia eraginkortasunetik haratago ere pertsonak dira diseinuaren oinarri, eta horregatik hauen ongizatea eta osasuna hobestea izan da arkitektura diseinuaren helburu nagusia. Honen adierazgarri dira estalkian irekitako terrazak, begetazioaren presentzia, bistak eta erabiltzaileei fatxadako leihoak irekitzeko aukera ematea adibidez.

Fatxadaren diseinua sistema parametriko bezala

Oinarrian fatxada zilindro baten inguratzailea da, geometrikoki forma garbi eta erregularra. Hau horrela izanik ere, fatxada honetan hainbat egoera suertatzen dira, esate baterako, orientazioa aldatzen doalako inguratzaile honen puntu ezberdinetan zehar. Hau dela eta, fatxada bera diseinatzerakoan egoera ezberdin hauek erantzuteko gai izan zitekeen sistema bat sortzea izan zen erronka; hau da, formaren irudi garbia mantenduz eta eraikuntza sistema eraginkor bat aplikatuz aldakortasun maila bat ahalbidera zezakeen fatxada diseinu bat sortzea.

Bestalde fatxadaren modulazioa eraikinaren geometriak baldintzatzen du, azken finean modulu berdin bat bilatzen delako azal guztiari eraikuntza soluzio efiziente bat emateko. Barne nahiz kanpo fatxada gortina-horma baten bidez ixten da, 2x2m-tako karratu batean inskribatzen den triangelu baten geometria oinarri hartuta. Era honetan zilindro inklinatuaren zuzentzaileak markatzen dira, zuzenak eta paraleloak direnak, eta horrela solairuen marra horizontalak ezkutatu eta bolumen zilindriko inklinatuaren irudi abstraktua indartzen da.

Fatxada hau diseinatzeko garaian kontutan hartu ziren zenbait aldagai edo parametro, besteak beste, eguzki-erradiazioa, eraikinaren barnealdetik kanporako bistak, eraikinaren barnealdeko erabilera ezberdinak, forjatuen eta sute-sektorizazioaren presentzia eta beste hainbat aspektu. Diseinu mailan gortina-hormari jarraitasun bat izatea eskatzen zaio, eraikina pieza bakar bat bezala kontsideratuz, baina aldi berean egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Hauek denek eragin zuzena dute fatxadaren itxuran eta irizpide hauek erabaki eta soluzio kontrajarrietara eraman gaitzakete kasu askotan. Aldakortasun horri bide emateko gortina-horma hiru mota ezberdineko pieza triangeluarrez eraikitzea erabaki zen, hau da, pixel transparente, zeharrargi eta opakuz egitea. Fatxadaren irudia aberasteko intentzioz ale opaku eta zeharrargiak irudi bat dute beiran inprimatua, hots, altzairu herdoilgaitz baten argazki mikroskopiko bat eskalaz handitua. Era honetan lehen diseinu kontzeptualean adierazitako altzairuzko zilindroaren irudia berreskuratzen da, marrazki hau, distantzia batera ikusita altzairuaren testuraren irudia baita.

Behin hiru pixel ezberdinen hauen arteko konbinazioz sortuko den sistema hau finkatuta, diseinuaren konplexutasunari tokian tokiko soluzioa emateko helburuarekin parametro ezberdinek “informatzen” duten diseinu bat sortzea erabaki zen. Aurrez aipatutako egoera bakoitza (erradiazioa, barne erabilerak, ikuspegiak, egituraren zutabe eta diagonalak etab.) mapeatu egin zen fatxada kurboaren plano proiektatu ezberdinen gainean, ondoren gainjartze prozesu bat ahalbidetzeko. Alor hauetako bakoitzari parametro batzuk egokitu zitzaizkion eta beraien arteko hierarkia bat finkatu zen. Sistema honen bitartez, adibidez, beira transparenteak barneko bistak ahalbidetzeko altueran kokatzen dira, eta forjatuak tapatzeko tokietan aldiz, beira zeharrargiak dentsitate handiagoa dute. Hala ere, honen gainetik eguzki erradiazio zuzenaren aurreko babesa eta argi naturalaren sarrera gailentzen da, eta horregatik mendebaldeko fatxadan beira transparenteen kopurua murriztu eta elementu opakuak gehiago dira. Era honetan diseinu bioklimatikoaren balditzak ere eraikinaren beste betebehar batzuen pare jarri ziren fatxada diseinatzeko garaian.

Guztira 2000 pieza triangeluar baino gehiagoko fatxada sortu zen, non elementuen %40a beira transparentea den, %20a zeharrargia eta %40a opakua. Azken finean emaitza diseinu original bat da, patroi errepikakorrik gabea eta puntu bakoitzean egoera ezberdinen konplexutasunen aurrean erantzun espezifiko bat duena diseinu parametriko bati jarraiki.


Xabier Barrutieta

Arkitektoa

EHUko arkitektura eskolako irakasle elkartua eta Orona Ideo proiektuaren arkitektoa


Aldiri aldizkarian publikatua.

31. ZENBAKIA. “PARAMETRIKOKI”

Aldiri, 2017, III, 31, 26-28, ISSN 1889-7185 Testua jeitsi

Entradas destacadas
No posts published in this language yet
Once posts are published, you’ll see them here.
Entradas recientes
Archivo
Buscar por tags
No tags yet.
Síguenos
  • Facebook Basic Square
  • Twitter Basic Square
  • Google+ Basic Square
bottom of page